-
FANTek 29. edizioa ospatuko du maiatzaren 5etik 13ra.
(Bilbo, 2023ko otsailaren 23).- Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoa – FANT 29. edizioa ospatuko du maiatzaren 5etik 13ra.
Iristear dagoenaren aperitibo gisa, Zinemaldiak PreFANT zikloa jarri du abian gehien espero den euskal filmetako baten aurrestreinaldiarekin: Paul Urkijoren “Irati” filma.
Filma FANTeko Zuzendari Justo Ezenarrok, Filmaren Zuzendari Paul Urkijok, Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy eta Itziar Ituño aktoreek eta Manu Paino ekoizleak aurkeztu dute prentsaurreko batean.
“Irati” filmak VIII. mendean kokatzen du publikoa. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarjaunak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzen du, trukean bizitza emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian. Urte batzuk beranduago, misio batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, modu paganoan lurperatuta dagoena Karlomagnoren altxorrarekin batera. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.
Filme hau Paul Urkijoren bigarren filme luzea da, eta “Errementari”, bere opera prima eta gero dator. Paul Urkijo FANT jaialdiaren aspaldiko ezaguna da. Jaialdian bere filme labur asko aurkeztu ditu, eta 2018an, FANTROBIA Saria eman zion, generoaren barruan gorabidean dagoen pertsona bat saritzen duena.
Txiki-txikitatik zinema, ilustrazioa, literatura eta komikiak maite izan ditu, eta genero fantastikoa du gustuko. Mitologia eta ipuin tradizionalen zale amorratua da. Berak idatzi eta zuzendutako bere film laburrek 85 sari eta 400 selekzio baino gehiago irabazi dituzte mundu osoko zinemaldietan.
Errealizadoreak Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Nagore Aranburu eta Elena Ruiz ditu buru Iratin.
Goya Sarien 2023ko edizioan, “Iratik” bost izendapen lortu zituen: Jantziteria Onena, Jatorrizko Abesti Onena, Musika Onena, Efektu Berezi Onenak eta Gidoi Egokitu Onena.
Filma ostiral honetan, otsailak 24, estreinatuko da komertzialki.
FITXA TEKNIKOA
-
Jatorrizko izenburua: Irati
-
Urtea: 2022
-
Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo
-
Gidoia: Paul Urkijo Alijo
-
Musika: Maite Arroitajauregi, Aránzazu Calleja
-
Argazkigintza: Gorka Gómez Andreu
-
Aktoreak: Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Elena Ruíz, Iosu Eguskiza, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe, Iñigo Aranbarri, Ramón Agirre, Miren Tirapu, Aitor Barandiaran, Gaizka Txamizo
-
Ekoizlea: Bainet Zinema, Ikusgarri Films, Kilima Media, ETB
-
Generoa: Fantastikoa. Abenturak
SARE SOZIALAK:
#FANT29
fantbilbao.eus