(Bilbon, 2022ko maiatzaren 12an).- FANT Zinemaldi Fantastikoak, Bilboko Udalak antolatuta, Nicholas Meyer idazle, gidoilari, ekoizle eta zinema zuzendari estatubatuarrari eman dio aurtengo FANT IZARRA Saria. 

Nicholas Meyer zinemagileak Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziarekin batera izan da gaur goizean Bilboko Udalan egin den prentsaurrekoan.

Meyerrek bihar, maiatzak 12, jasoko du bere saria, Alex Gerediagak zuzendutako Itxiera Galan, BBK Aretoan.

 

Nicholas Meyer idazle, gidoilari, ekoizle eta zinema zuzendari estatubatuarra da. New Yorken jaioa, antzerkian eta zineman lizentziatu zen Iowako Unibertsitatean 1968an, eta handik gutxira telebistako gidoilari gisa hasi zen lanean. 1974an “Elemental, Dr. Freud: Solución al siete por ciento” eleberria argitaratu zuen, eta salmentetan arrakasta handia lortu zuen. Meyerren “Elemental, doctor Freud” (1976) gidoia, bere eleberrian oinarritutakoa, Oscar sari baterako izendatu zuten. “Los pasajeros del tiempo” (1979) izan zen bere debuta zuzendari moduan. Ondoren etorri ziren “Star Trek II – La ira de Khan” (1982) eta “El día después” (1983), inoiz egin den telebistako filmik ikusiena, hamalau Emmy saritarako izendatua. Besteak beste, “Voluntarios” (1986), “La secta de los falsarios” (1988) “Espías sin fronteras” (1991), “Star Trek VI, Aquel país desconocido” (1992) eta “Vendetta” (1999) filmak zuzendu zituen ondoren. “Sommersby” (1993), “La mancha humana” (2003) eta “Elegy” (2008) filmetarako gidoiak ere idatzi ditu.

FANTen 28. edizioaren barruan, “Los pasajeros del tiempo” (1979) filma proiektatuko da gaur arratsaldean, 18:25ean, Gólem – Alhóndiga zinemetako 1. aretoan. Film hau Londresen kokatzen da 1893an. Bost urtez geldirik egon ondoren, Jack Destripatzailea ibilietara itzultzen da. Poliziarengandik ihesi, hiltzailea H.G. Wells gaztearen laborategira sartzen da eta bere asmakizun berrian ihes egiten du: denbora-makina bat. Bere asmamena berreskuratu ondoren, Wellsek jakingo du Destripatzaileak etorkizunari ihes egin ziola: orain bere atzetik joango da.

Filma FANTek denboran zeharreko bidaiei eskaintzen dien zikloaren barruan kokatzen da, eta, aipatutakoaz gain, Alain Resnais frantziarraren “Je t ‘aime, Je t’ aime”, Jeannot Szwarc zuzendariaren “En algún lugar del tiempo”, edo “Los cronocrímenes”, Nacho Vigalondoren lehen film luze arrakastatsua.

Prentsarako eskuragarri dauden materialak hemen kontsulta daitezke.

SARE SOZIALAK:

#FANT28