ANA MURUGARREN

Ana Murugarren (Martzilla, Nafarroa, 1965) zine zuzendari, gidoigile eta muntatzailea da. Enrique Urbizu, Pablo Berger eta Alex de la Iglesia zinemagileekin, besteak beste, lan egin du. 80ko hamarkadan Creativideo ekoiztetxea sortu zuen Bilbon Urbizurekin, Joaquin Trincadorekin eta luís Mariasekin, eta zuzendari gisa egindako lehendabiziko lana Eskorbuto taldearen bideoklip bat izan zen, Antes de las guerras (1985).

2005 urtean Esto no es la vida privada de Javier Krahe film luze dokumentala zuzendu zuen, eta haren atzetik iritsi ziren El precio de la libertad (2011) telesail laburra, La dama guerrera (2012) film ertaina, eta honako film luze hauek: Tres mentiras (2014), La hoguera de los bastardos (2017), eta García y García (2021), 2021eko arrakasta handienetako bat. 


JIMINA SABADÚ

Jimina Sabadú (Madril, 1981) idazlea, gidoilaria eta errealizadorea da. Hamabi urterekin atera zuen bere lehen fanzinea eta handik gutxira herri kulturako aldizkarietan argitaratzen hasi zen. 2000. urtean Mondo Brutto fanzine mitikoan hartu zuen parte. 2015ko azken zenbakira arte egon zen taldean. Lengua de Trapo saria lortu zuen Celacantorekin (El Mundo egunkariaren El Culturalaren arabera, urteko literaturako debutik onenetako bat izan zen) eta Sevillako Ateneo Gaztea saria Los Supervivientes lanarekin. 2020ko otsailean Las palmeras (Algaida) eleberri kostunbrista argitaratu zuen. Eleberri horretan jatorri ezezaguneko gaixotasun baten ondorioz mugen itxiera kontatzen zuen. Aurten bere azken liburua argitaratu du: La conquista de Tinder (Turner).

Horrez gain, telebistan (La2, DocuTVE, Paramount Comedy, Paramount Channel), prentsan (El País, El Mundo, Fotogramas, Mondo Brutto, etab.) eta irratian (Cadena SER, M80, Radio 3, M21) aritu da. Gaur egun zutabegile finkoa da El País-eko telebista-sailean, eta El Confidencial eta Letras Libres argitalpenekin kolaboratzen du. Bi film luzeren Faraday (2013) eta La Máquina de Bailar (2006) eta V.O.D.-erako hainbat animazio-serieren gidoilaria izan da eta film ertain bat, La Pájara (2009), zenbait film labur, eta antzezlan pare bat zuzendu ditu. Dramaturgia eta Literatura klaseak eman ditu Camilo José Cela Unibertsitatean eta Ikus-entzunezko Narratibazkoak Séptima Ars izenekoan.

 


BORJA SANTAOLALLA

Borja Glez. Santaolalla (Bilbo, 1982) zinema eta telebistako zuzendari eta gidoilaria da. Bere lanen artean Qué Vida Más Triste, Bloguera en Construcción, Amar es para Siempre -argumentu-zuzendaria izan zen- telesailak, edo Way Down filma, Jaume Balaguerok ingelesez filmatutako lapurreta thriller bat, 2021eko azaroan estreinatua. #Luimelia telesail arrakastatsuaren sortzaileetako bat, produktore eragilea, gidoilaria eta zuzendaria da. Nazioarteko fenomenoa da, 20 herrialde baino gehiagotara esportatzen da, eta, gaur egun, laugarren denboraldia ematen ari dira. Gaur egun zuzendari gisa bere lehen filma prestatzen ari da, Montreal.

NEREA ALBERDI

Nerea Alberdi konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea da. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da eta Zinema, Telebista eta Bideojokoetarako Musika Konposizioan Masterra Berklee College of Music-en. Musikagile gisa, irudirako musikaren esparruan lan egiten du batez ere. Sarritan egiten du lan Lucio Godoy, Zacarias M. de la Riva, Vanessa Garde, Alfonso Vilallonga edo Sergio Jiménez Lacima konpositoreentzat, baita bere kontura ere zineman, telebistan, arte eszenikoetan, publizitatean eta estudioko konponketetan. Bere azken lanen artean hauek daude: Go!azen eta Irabazi arte telesailetarako musika; Achero Mañasen Un mundo normal (2020), Iciar Bollainen La boda de Rosa ((2020), Isabel Coixeten Nieva en Benidorm (2020), Imanol Uriberen Llegaron en la noche (2022) film luzeetarako orkestrazioa; Javier Marcoren Josefina (2021) luzemetraiaren jatorrizko musika (Vanessa Garderekin batera konposatua) eta Eva Guerreroren konpainiaren LOF dantza ikuskizuna. Orkestrazio irakasgaia ematen du Madrilgo Escuela Música Creativako Musikako Goi Mailako Graduan, eta Deustuko Unibertsitateko Kultura eta Elkartasun Graduko irakaslea da. Hiru urtez, ekainera arte, Radio Euskadiko “Graffiti” saioan hartu du parte, musika dibulgazioari buruzko asteroko atal batekin.

AITOR ENERIZ

Bilbo, 1977. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da UPV-EHUn, eta gidoilari profesionala da 2005etik. Telebistan ibilbide luzea du, eta arrakasta handiko programetan eta telesailetan hartu du parte, besteak beste, Vaya semanita (Ondas Saria 2006), Euskadi Movie, Irrikitown, Nekane Amaya, Go!azen, Ihesaldia, El día de mañana edo Irabazi Arte. Haritz Zubillagarekin batera El ataúd de cristal (2016) film luzea idatzi du, gaur egun garapen fasean dauden hainbat gidoiez gain. Zubillagaren She’s lost control (2012) eta Norma Vilaren Jules D. (2016) film labur sarituen egileetakoa ere bada. EHGEPeko (Euskal Gidoilarien Elkartea) presidenteordea da.

MAIALEN SARASUA

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Muntaian eta postprodukzioan espezializatuta dago, eta zinemarako nahiz telebistarako egin du lan, dokumental, fikzio eta animazioa arloetan. Azpimarratu beharreko lanen artean, Samu Fuentesen Bajo la piel del lobo (2017) fikziozko film luzea, Maider Oleagaren Kuartk Valley (2021) eta Enara Goikoetxea/Iurre Telleriaren El último paso (2011) dokumentalak eta Jordi Evoleren Salvados programaren kapitulu bat, “Mr. Trump, disculpe las molestias”, daude. Azken urteotan hamar film labur baino gehiago muntatu ditu, horien artean Mikel Gurrearen Heltzear (2021), 2021eko Veneziako Zinemaldian hautatua, edo Malagako 2022ko Zinemaldian sail ofizialean lehiatu berri den Maider Oleagaren Irrits (2022). Aldi berean, bost film labur idatzi eta zuzendu ditu, eta antzerkirako eta museoetarako edukiak egin ditu.