YAGO GARCÍA
1977an Murtzian jaioa, kazetaria da eta Madrilen bizi da. Gaur egun, Cinemanía aldizkarirako lan egiten du, eta bere kolaborazioak izan dituzten hedabideen artean Neo2, MondoSonoro, Sensacine eta Canino daude. Batzuetan zin egiten du, udako zinema-saio batean traizioz proiektatutako Alien-en trailerra ikusi aurretik, pertsona normala zela.
NORBERTO RAMOS DEL VAL
Norberto Ramos del Valek (beti bi abizen, bigarrenak aristokratikoa dirudielako) bizitza osoa darama bere buruan filmak asmatzen.
Karrera erraz bat (Irudia) amaitzeko errito iniziatikoa igaro ondoren, bete-betean ekin zion ahal zuena eta utzi ziotena filmatzeari. Laurogeita hamarreko hamarkadan, ahal izan zituen film labur guztiak egin zituen, zuzendari gisa, produktore exekutibo oldarkor gisa edo ateratzen zena, eta urte asko geroago bere lehen film luzea filmatu zuen, Muertos comunes (2004). Denborarekin kultuko klasiko bihurtu den film horietako bat.
Aristokratek “Espainiako zinemaren industria” deitzen duten hori existitzen ez dela ikustean, lokatzetara jaitsi zen berriro, eta ez da inoiz bertatik irten. Ordutik aurrera, aurrekontu barregarrizko bere superprodukzioak mota askotako tituluekin kateatu dira, baina beti genero fantastikoko tantekin edo litroekin. El último fin de semana (2011), Summertime (2012), Amor tóxico (2015), Call TV (2017), Lucero (2019) edo ¡Ni te me acerques! (2020) filmek liluratu edo kabreatu egin zaitzakete, baina inoiz ez zaituzte epel utziko.
NEREA TORRIJOS
Nerea Torrijos, Bilbokoa jatorriz.
Neskatoa zela, etxeko gortinak erauzi eta horiekin Titanic filmeko protagonistaren soinekoak egin zituen. Jolas bat, asperdura itotzeko distrakzio soil gisa hasi zena, azkenean, bere bizimodu bihurtu zen. Bilbon hasi zen moda ikasten, eta estilismoari ekin zion bere burua zinemaren munduan murgilduta ikusi aurretik.
La noche del virgen (2016) bere lehen filma Bilboko poligono batean grabatu zen. Pixkanaka ikus-entzunezkoen munduan lan egiten eta hazten joan zen. Bere lanak EEBBetako Utah-ko Filmquest izenekoan jaso zuen lehen aintzatespena, jantzi diseinu onenaren saria jasoko zuen Errementari (2017) filmean egindako lanarengatik. Horren ondoren, beste film asko etorriko ziren, horietako batzuk epokako filmak. Film horien artean Vitoria 3 de marzo (2018) edo Akelarre (2020) daude, besteak beste.
Aurtengo udaren eta datorren urtearen artean estreinatuko diren Diego Hallivis zuzendari mexikarraren American Carnage, Ana Murugarrenen García y García eta Felix Viscarreten Desde la sombra film luzeak izan dira bere azken proiektuetako batzuk.
JON MIKEL CABALLERO
Jon Mikel Caballero Iruñean jaiotako zinema zuzendari eta gidoilaria da. Industrian Kike Maílloren eta J.A. Bayonaren laguntzaile pertsonal gisa hasi zen, eta making-of dokumental batzuen ardura ere hartu zuen, Lo imposible (2012) lanean besteak beste. Hibernation (2012) eta Cenizo (2016) film laburrek zientzia-fikzioa eta drama uztartzen dituzte, berrogeita hamar sari eta hirurehun aukeraketa baino gehiago pilatuz. 2019an El increíble finde menguante film luzea estreinatu zuen, fantasiazko zinemaren aldeko apustua egiten duen eta aurrekontu mugatua izan arren oihartzun handia lortu zuen bere opera prima. Gidoi onenaren eta zuzendaritza berritzaileenaren sariak lortu zituen FANT 2019an. Gaur egun, hurrengo proiektuetarako gidoiak idazten ditu eta, aldi berean, zinema-klaseak ematen ditu.
ESTHER CABERO
Lan ibilbidea Donostia Zinemaldian hasi zuen, industria arloko arduradunaren laguntzaile bezala. 2009an Espainiako Zinema Akademiako Kultura Departamenduan sartu zen, zinema programazioan eta erakusketen diseinuan arituz.
2011ko uztailaz geroztik, Kimuak film labur banaketa eta sustapen programaren koordinatzailea da. Nazioarteko hainbat jaialditan epaimahaia izan da eta zinemari buruzko artikuluak argitaratu ditu hainbat komunikabidetan.
DIEGO H. KATARYNIUK
Zinema zuzendari eta ekoizlea. Gazte-gaztetatik zinemarekiko eta istorioak kontatzeko interesa agertu zuen. Komikiekiko, literatura fantastikoarekiko eta beldurrezko generoarekiko duen zaletasunak zinema aukeratzera eramaten zuten. 2006an, telebistako errealizadore gisa graduatu zen, eta, ondoren, zuzendari laguntzaile eta ekoizle izan zen dozenaka proiektutan. ECPV Euskal Herriko Zinema Eskolaren sortzaileetako bat da, eta bere denboraren zati handia bertan ematen du, zinema-zuzendaritzarekin eta -ekoizpenarekin uztartuz.
Bere karrerak munduan zehar bidaiatzera eraman du, Paristik Laosera. Azken horretan, dokumental sozial bat filmatu zuen zuzendarikide gisa bertako GKEentzat. Amargo era el postre bere hirugarren fikziozko lanak 55 aukeraketa eta nazioarteko 15 sari lortu ditu hainbat jaialditan, Cortadan, Medina del Campon, Mórbidon edo FANT Bilbaon. 2019an historia egin zuen azken horretan, bi sari lortuz: epaimahaiaren saria euskal film labur onenari, eta ikus-entzuleen saria film labur onenari. Gaur egun, bere lehen film luzea prestatzen ari da.