Mamántula denek desio duten mutila da, baina baita isilpean gizakiz trabestitutako armiarma erraldoi bat ere, paradisu urrun batean izandako topaketa labur batean sortua. Sauna brutalisten, metroko korridore amaigabeen eta gabardinaz eta kapelaz jantzitako detektibeen orainaldi alternatibo batean, Mamántularen maitaleak haren odol- eta semen-lizunkeria aseezinaren biktima bihurtzen dira; hala, hariak sortzen ditu apurka-apurka Mamántulak bere dimentsiora itzultzeko ehuntzen ari den izar-amaraunean.
Ion de Sosa argazki-zuzendaria eta zinema-zuzendaria da, ECAMek diplomatua. Bere lehen film luzea, Sueñan los androides, 2015ean estreinatu zen Berlinalean eta ibilbide zabala izan zuen nola nazioko hala nazioarteko hainbat jaialdi eta zentrotan. 2019an Leyenda dorada film laburra zuzendu zuen Chema García Ibarrarekin (2019an Zabaltegi-Tabakaleran eta Zinemira-Kimuaken aurkeztua Berlinaletik igaro ondoren). Besteak beste, El futuro (2013), Karen (2020), Espíritu sagrado (2021) La parra (2022) eta El fantástico caso del Golem (2023) filmen argazki-zuzendaria izan da. 2017an Apellaniz y de Sosa ekoiztetxea sortu zuen Leire Apellanizekin.