Juan Antonio Bayona 74420

JUAN ANTONIO BAYONA

Atala:


etan -

Sinopsia

Bartzelonan jaio zen 1975ean. Zuzendaritzan graduatu zen ESCACen (Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya) eta bertan sari asko lortu zituzten Mis vacaciones (1999) eta El hombre esponja (2002) film laburrak egin zituen. Irakasle gisa aritu zen ESCACen bertan eta lan horrekin batera ibilbidea egin zuen publizitatean eta bideo musikaletan. Gaur egun, oraindik ere, aldian behin egiten ditu horrelako lanak.
2004an, Bayonak Sergio G. Sánchez ezagutu zuen eta hark El Orfanato lanaren gidoia eskaini zion. Filma txalo beroekin jaso zuten 2007ko Canneseko Zinemaldian eta berehala kultuko film bilakatu zen mundu osoan. Bayonak Zuzendari Hasiberriaren Goya Saria jaso zuen eta filma urteko txarteldegiko arrakasta nagusia izan zen Estatuan.
2010ean Lo Imposible lana errodatzen hasi zen. 2012an Estatuan estreinatu zenean, historia osoko film espainiar arrakastatsuena bilakatu zen txarteldegian, 6 milioi ikus-entzule baino gehiagorekin. Nazioarteko ibilbidean, 200 milioi dolar baino gehiago jaso zituen. Filmak Oscar Sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendapenak lortu zituen Naomi Watts protagonistarentzat, eta J. A. Bayonak Zuzendari Onenaren Goya Saria irabazi zuen 2012an. Lo Imposible filmak kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik lortu zuen arrakastaren ondorioz, Bayonak Kultura Ministerioak ematen duen Zinematografia Sari Nazionala irabazi zuen 2012an.
2014an Penny Dreadful serieko kapitulu pilotua eta bigarren kapitulua zuzendu zituen Estatu Batuetako Showtime telebista katerako. 2015ean 9 días en Haití zuzendu zuen, lankidetzari buruzko film labur dokumentala.
2016an Un monstruo viene a verme estreinatu zuen, izen bereko liburuan oinarritutako filma, bere protagonisten artean Liam Neeson, Felicity Jones eta Sigourney Weaver dituena. Berriro ere, filma Estatuko arrakastatsuena izan zen urte horretan eta 9 Goya sari irabazi zituen, Zuzendari Onenarena, besteak beste. 2017an El secreto de Marrowbone ekoiztu zuen, El orfanato eta Lo imposible lanen gidoilaria izan zen Sergio G. Sánchezek zuzendutako lehenengo lana.
2018an Juan Antonio Bayonak Jurassic World: Fallen Kingdom estreinatu zuen zuzendari gisa, Jurassic World-en bigarren partea eta Jurassic Park sagaren bosgarrena, ekoizle nagusi Steven Spielberg duena. Filma mundu osoko txarteldegietan diru gehien irabazi zuen hirugarren filma eta zinearen historiako hamabigarrena bilakatu zen, 1.300 milioi baino gehiagorekin. 2018an, baita ere, oraindik gaztea den arren, ibilbide osoaren saria jaso zuen Malagako Zinemaldian eta Ohorezko Galburua Valladolideko Zinemaldian.