Zuzendariak gaur aurkeztu du Bilbon Sundanceko jaialditik igaro ondoren jakin-min handia piztu duen eta aretoetara ekainaren 28an helduko den filma. Bilboko ikus-entzuleek gaur arratsaldean ikusi ahal izango dute, 20:00etan, Golem – Alhondigako 1. aretoan.

 

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 25ek, Lee Cronin zinegile irlandarraren “Bosque maldito (The Hole in the Ground)” (Irlanda, 2019) lehenengo film luzearen estatu mailako premierea jasoko du gaur, Sundanceko jaialditik igaro ondoren jakin-min handia eta kritikaren txaloak jaso dituen eta FANT 25eko Sekzio Ofizialean lehiatuko den beldurrezko eta suspenseko filma. Filma gaur arratsaldean eskainiko da, 20:00etatik aurrera, Golem – Alhondigako 1. Aretoan. “Bosque maldito (The Hole in the Ground)” gaur goizean aurkeztu da, Lee Cronin bertan zela, Justo Ezenarro FANT 25eko zuzendariak lagunduta.

Lee Croninek bere lehenengo film luzea aurkeztuko du, “Ghost Train” film laburrarekin lortutako arrakastaren ondoren. Lan horrekin zenbait sari lortu zituen, Molins de Rei Horror Film Festivaleko Zuzendari Onenaren Saria eta Donostiako Beldurrezko Asteko Film Labur Onenaren Epaimahai Gaztearen Saria, besteak beste. “Bosque maldito (The Hole in the Ground)” Sundanceko Zinemaldian aurkeztu zen, eta ekainaren 28an estreinatuko da Estatu osoko areto komertzialetan.

Istorioaren protagonistak Sarah (Seána Kerslake) eta Chris seme txikia (James Quinn Markey) dira. Biak etxe berrira joango dira bizitzera, Irlandako landa ingurunera, putzu handia ezkutatzen duen baso baten ondora. Gau batean, ama eta semea haserretu egingo dira, semeak gezurtia dela esango dio, aitarekin –ustezko txatu txar emailearekin– erlazionatutako zenbait kontu direla eta, eta basorantz egingo du ihes, amaren begi bistatik galduz. Umea desagertu egingo da, baina, zorionez, zauritu barik eta, itxuraz, aldatu barik itzuliko da. Baina, bere jokabidea gero eta aztoragarriagoa bilakatzen den heinean, itzuli dena ez dela bere semea sumatzen hasiko da Sarah.

FITXA: “BOSQUE MALDITO (THE HOLE IN THE GROUND)”
Irlanda / 2019 / 90 min.
Zuzendaria: Lee Cronin.
Gidoia: Lee Cronin, Stephen Shields.
Ekoizpena: Conor Barry, John Keville.
Musika: Stephen McKeon.
Muntaketa: Colin Campbell.
Antzezleak: Seána Kerslake, James Quinn, Markey, Simone Kirby, Steve Wall, Eoin Macken, Sarah Hanly, James Cosmo, Kati Outinen, Bennet Andrew.