Zuzendariak eta antzezleetako batzuek –Adrienne Barbeauk, John Patrick Amedorik eta Neus Asensik– gaur aurkeztu dute Bilbon film luzea medioen aurrean, eta Bilboko ikus-entzuleek gaur arratsaldean ikusi ahal izango dute, 20:00etan, Golem – Alhondigako 1. aretoan.

 

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 25ek, bere Sekzio Ofizialean lehiatuko diren azkenengo lau filmak eskainiko ditu gaur arratsaldean. Horien artean, Bilboko ikus-entzuleek David Martín Porrasen “The Chain” film berriaren mundu mailako estreinaldiaz gozatu ahal izango dute. Areto komertzialetan datorren maiatzaren 31n estreinatuko da. Gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Golem – Alhondigako 1. Aretoan eskainiko den filma gaur goizean aurkeztu da, David Martín Porras zuzendaria eta Adrienne Barbeau, Neus Asensi, eta John Patrick Amedori antzezleak bertan zirela, Justo Ezenarro FANT Bilbaoko zuzendariak lagunduta.

2016an “Inside The Box” film laburrari esker Goya sarietarako izendapena lortu zuen David Martin Porrasek thriller psikologikoa aurkeztuko du oraingo honetan. John Patrick (“Dear White People”, “After Darkness”, “Gossip Girl”), Neus Asensi (“La niña de tus ojos”, “La reina de España”, “Torrente”), Adrienne Barbeau (La niebla, Creepshow, La cosa del Pantano) eta Ray Wise (Leland Palmer en “Twin Peaks”, “Mad Men”, “RoboCop”) dira izan gura ez dugun hori bilakatzeak ematen digun beldurrari eta patuari aurre egiteak izan ditzakeen ondorio ilunei buruz berba egiten digun filmaren protagonistak.

Istorioaren protagonista Mike da. Bere aitaren gaixotasun neurologiko bera duela jakiten duenean, bere biziari amaiera ematea erabaki du, aitak bezala ez amaitzeko. Horretarako, lagundutako norbere buruaz hiltze kate batean sartuko da, beti ere arau batean oinarrituta: hil nahi baduzu, lehenengo beste norbait hil behar duzu. “The Chain”, gizakiaren amesgaizto beldurgarrienetako bati buruzko filma da: gure aita bilakatzeari diogun beldurra. Ideia horrek beldurtu egiten gaitu, izan ere, bere zenbait mania geureganatzea baino zerbait gehiago esan nahi du. Gure patuari amore ematea da, guretzat idatzi den bideari jarraitzea, zure ametsei ihes egiten uztea eta zerbait txikiagoarekin konformatzea.

Bartzelonan Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatu eta Pedro Almodóvarren ekoiztetxean (El Deseo) lan egin ondoren, David Martín Porrasek Zine Zuzendaritza Masterra egin zuen Los Angeleseko Kaliforniako Unibertsitatean (UCLA) 2010ean. Sari asko lortu dituzten bere film laburren artean “Ida y vuelta”, “La viuda” eta “Inside the Box” daude. Lan horietan berarekin lan egin duten antzezleen artean María Conchita Alonso (“Depredador 2”), Regina King (2019an bigarren mailako emakume antzezle onenaren Oscar Saria, Barry Jenkinsen “El blues de Beale Street” filmarengatik) eta “Terminator: The Sarah Connor Chronicles” serieko Summer Glau daude. Lehenengo film luzea 2011n zuzendu zuen, “Stealing Summers”. Bere lana nazioarteko 100 jaialdi baino gehiagotan, South by Southwest-en, Palm Springs-en, Interfilm Berlin-en edo SEMINCIn, besteak beste, aukeratu da, 60 sari baino gehiago lortu ditu eta Film Labur Onenaren Goya sarietarako izendapena lortu zuen 2016an (Inside the Box). David Martín Porras ABC/Disney Directing Program ospetsuko kidea da, eta “A Texas Story” bere azken gidoiak Ibermediaren beka irabazi zuen 2013an.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25. Edizio honen Sekzio Ofiziala gaur arratsaldean osatuko da beste hiru lan eskainiz: Paul Hyetten “Peripheral” (UK, 2019); Doron eta Yoav Pazen “The Golem” (ISR, 2018); eta Jong-bin Yoonen “The Spy Gone North” (KOR, 2018). 

 

FANTROBIA SARIA
Biharko, OSTEGUNEKO, programazioan, Sitgeseko Zinemaldiko Film Onenaren Noves Visions saria irabazi duen eta Goya Sarien azken edizioan Dokumental Onenaren izendapena jaso zuen “Desenterrando Sad Hill” lanaren proiekzioa jasotzen da, Guillermo de Oliveiraren lehenengo film luze dokumentala. Zinegile eta gidoilari galiziarrak fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria jasoko du FANT 25eko amaiera ekitaldian.

Bihar arratsaldeko 18:00etan Golem – Alhondigako 1. Aretoan eskainiko den filmak, Sergio Leoneren “El bueno, el feo y el malo” klasikoaren amaierako eszenako hilerria berreraikitzeko fanatiko talde baten odisea kontatzen du. Izan ere, 1966an Espainiako armadak 5.000 hilobi baino gehiago zituen hilerri izugarria eraiki zuen Burgoseko Valle de Mirandillan, “El bueno, el feo y el malo” filmaren amaierako eszenarako. Errodatzearen ondoren lekua bertan behera geratu zen, eta 49 urtez landareek hilobi guztiak estali zituzten.

FITXA: “THE CHAIN”
Espainia – Estatu Batuak / 2019 / 101 min.
Zuzendaria: David Martín Porras.
Gidoia: David Martín Porras, Andrés Rosende.
Ekoizpena: Elisa Lleras.
Musika: Arnau Bataller.
Muntaketa: Frank Gutiérrez
Antzezleak: Madeline Zima, Adrienne Barbeau, Jamie Clayton, Dey Young, Ray Wise, John Patrick Amedori, Kim Johnston Ulrich, Neus Asensi.