Estatu Batuetan bizi den zinegile brasildarrak Bilbon aurkeztu du gaur goizean bere lehenengo film luzea. FANT 25eko inaugurazio ekitaldian ikusi ahal izango da, Cannesetik edo Sitgesetik igaro ondoren. 25. urteurreneko gala berezia 20:00etan hasiko da Campos Antzokian.

 

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, Estatu Batuetan bizi den Joe Penna zinegile brasildarraren lehenengo film luzea den “Ártico” filmarekin inauguratuko du bere 25. edizioa. Filmaren protagonista Mads Mikkelsen da, eta maiatzaren 31n estreinatuko da Estatuko areto komertzialetan. Emanaldia zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko da, eta zuzendaria bertan egongo da.

Joe Pennak gaur goizean aurkeztu du bere lehenengo film luzea, Justo Ezenarro Bilboko Zinemaldi Fantastikoko – FANTeko zuzendariak lagunduta. Premierea FANT 25eko inaugurazio ekitaldian izango da, gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Campos Antzokiko agertoki nagusian.

MysteryGuitarMan izenez ezaguna, Joe Penna (São Paulo, Brasil, 1987) YouTubeko kanal arrakastatsutik publizitatera, telebistara eta, geroago zinera, igaro zen, hainbat film labur eginez. “Guitar: Impossible” stop motion bideoa Guggenheim museoan erakutsi zen. “Ártico” bere lehenengo film luzeko protagonistak Mads Mikkelssen (Rogue One: Una historia de Star Wars, Hannibal) eta Maria Thelma Smáradóttir (Prisioneras) dira.

Joe Pennak, edozein zinegilek bere lehenengo film luzea estreinatzea amestuko lukeen lekuetan aurkeztu du bere filma, Canneseko edo Sitgeseko zinemaldietan, hain zuzen ere. Zine aretoetara datorren maiatzaren 31n helduko den “Ártico” lanak txaloak jaso ditu zine panorama osoan, eta kritikak, muturreko baldintzetako biziraupenari buruzko filme onenen artean jarri du.

Izan ere, “Ártico” lanean, espedizio batean Artikoan geratzen den gizon bat erakusten zaigu. Erreskatea heltzear dagoenean, istripu larri baten ondorioz, bertatik irteteko aukera desagertu egingo da. Orain, bere kanpalekuaren nolabaiteko segurtasunaren eta, bizirik irteteko itxaropenez, ezezaguna den inguruan abentura arriskutsuari aurre egitearen artean aukeratu beharko du.

ZINE GEHIAGO
Asteburu honetarako programazioak, Sekzio Ofizialean lehiatuko diren sei filmen emanaldia jasotzen du, horien artean, Estatuan lehen aldiz ikusi ahal izango diren bi: Daniel Robbinsen “Pledge” (AEB, 2018); eta bere filmaren aurkezpenean Bilbon egongo den Carolina Helisgard zinegile suediarraren “Ever After (Endzeit)” (GER, 2018). Horrez gain, igandean, Sekzio Ofizialaren barruan, baita ere, ikus-entzuleek “El increíble finde menguante” (ESP, 2019) ikusi ahala izango dute, 2016an, “Cenizo” film laburrarekin FANTetik igaro zen Jon Mikel Caballero zinegilearen lehenengo film luzea, Zinemaldian egongo dena bere opera prima aurkezteko. “El increíble finde menguante” maiatzaren 10ean estreinatuko da zine-aretoetan.

Horrez gain, sarrera libreko 2. aretoan, Panorama Fantastikoko Film Luze Onenaren saria lortzeko lehiatuko diren sei filmetatik hiru ikusi ahal izango dira asteburu honetan. Lan hauek dira: “Escombros” (ESP, 2018) Álvaro Pitarena, “Lucero” (ESP, 2018) Biilboko Zinemaldian ohikoa den Norberto Ramosena, eta Algeciraseko jaialdian Film Onenaren sariak abalatuta datorren “H0us3” (ESP, 2018) Manolo Munguía zuzendari kantabriarraren opera prima.

Berrikuntza gisa, dagoeneko ohikoak diren FANT Eskola saioez aparte, zinemaldiak familiei zuzendutako programazio espezifikoa ere diseinatu du, FANT Familian zikloaren goizeko bi saiorekin, Golem – Alhondiga Bilbaoko auditorio nagusian. Bertan animaziozko bi film eskainiko dira: “Dilili en París” (FRA, 2019) –bihar, 12:00etan– eta “Astérix: Edabe Magikoaren Sekretua” (FRA, 2018) –igandean, 12:00etan–. Lehenengoak, Michel Oceloten “Dilili en París” ekoizpen lan frantsesak, Animaziozko Film Onenaren Cesar Saria irabazi berri du, Zinemalditik eta Sitgeseko Jaialditik igaro ondoren.

FITXA: “ÁRTICO” (ARCTIC)
Islandia / 2018 / 98 min.
Zuzendaria: Joe Penna.
Gidoia: Joe Penna, Ryan Morrison.
Musika: Joseph Trapanese.
Antzezleak: Mads Mikkelsen, Maria Thelma Smáradóttir.