Datorren ostiralean, maiatzaren 10ean, estreinatuko den eta Bilboko ikus-entzuleek gaur, Azkuna Zentroko Auditorioan, 20:00etan, ikusi ahal izango duten filma, zuzendariak eta Iria del Río eta Nadia de Santiago antzezleek aurkeztu dute gaur Bilbon.

 

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 25ek, “El increíble finde menguante” eskainiko du gaur arratsaldean bere Sekzio Ofizialaren barruan, Jon Mikel Caballero zinegile nafarraren lehenengo film luzea. Filma gaur arratsaldean eskainiko da, 20:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan. “El increíble finde menguante” lana gaur goizean aurkeztu da, zuzendariaren eta Iria del Río eta Nadia de Santiago antzezleen presentziarekin, Justo Ezenarro FANT Bilbaoko zuzendariak lagunduta.

Zine aretoetara datorren ostiralean, maiatzaren 10ean, helduko den “El increíble finde menguante”, belaunaldiko tragikomedia da. Umorea dramarekin gurutzatzen da, izaera fantastiko nabarmena duen istorioan. Protagonista denbora bukle batean harrapatuta dago. Kritikak, “Olvídate de mí” edo “Atrapado en el tiempo” lanetako elementuak ikusi ditu. Filma Malagako Zinemaldiaren azken edizioko ZonaZine sekzioan estreinatu zen.

Filmak, Albaren (Iria del Río) istorioa kontatzen du. 30 urte bete berri ditu, eta asteburu bat igaro behar du landa turismoko etxe batean lagunekin. Bere jairako planek porrot egingo dute Pablo mutil lagunak (Adam Quintero) uzten duenean. Orduan, Alba denboraren bukle batean harrapatuta geratuko da, asteburuko gertakariak behin eta berriro errepikatuko baitira. Baina zerbait desberdina da, errepikapen bakoitza aurrekoa baino ordubete laburragoa baita. Buklea bere arazoak konpontzeko aukera ala zigorra ote da? Zer gertatuko da denbora amaitzen denean? Zer gertatuko da dena behin betiko amaitzen denean?

Iruñean jaio zen (1985) Jon Mikel Caballerok Ikus-entzunezkoak ikasi zituen UNAVen eta Zine Zuzendaritza Masterra ESCACen. Kike Maílloren laguntzaile gisa aritu zen “Eva” lanean, eta J.A. Bayonaren laguntzaile izan zen “Lo imposible” filmean. “Hibernation” (2013) eta “Cenizo” (2016) lanek film laburren berrogeita hamabost sari eta hirurehun aukeraketa biltzen dituzte. Publizitatean, musika bideoetan eta telebistako gidoilari gisa ere egiten du lan.

FITXA: “EL INCREIBLE FINDE MENGUANTE”
Espainia / 2019 / 93 min.
Zuzendaria: Jon Mikel Caballero.
Gidoia: Jon Mikel Caballero.
Ekoizpena: Jon Mikel Caballero, Pedro de la Escalera, Belén Estevas-Guilmain.
Musika: Luis Hernaiz.
Muntaketa: Miguel A. Trudu.
Antzezleak: Iria del Río, Adam Quintero, Nadia de Santiago, Adrián Expósito, Jimmy Castro, Irene Ruiz. Luis Tosarren kolaborazioarekin.