/ Berriak.

Zuzendariak gaur aurkeztu du Bilbon film luzea medioen aurrean, eta Bilboko ikus-entzuleek gaur arratsaldean ikusi ahal izango dute, 18:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan.

 

Bilbok, Carolina Hellsgård zinegile suediarraren bigarren film luzearen estatuko premierea jasoko du asteburu honetan, “Ever After (Endzeit)” (Alemania, 2018), ia osorik emakume talde batek egin duen zonbi film atipikoa, Bilboko Zinemaldi Fantastikoko – FANTeko Sekzio Ofizialean lehiatuko dena. Filma gaur arratsaldean eskainiko da, 18:00etatik aurrera, Azkuna Zentroaren Auditorioan. “Ever After (Endzeit)” gaur goizean aurkeztu da, Carolina Hellsgård zuzendaria bertan zela, Justo Ezenarro FANT Bilbaoko zuzendariak lagunduta.

“Ever After (Endzeit)” filma ez da soilik kulpari buruzko filma, baita emantzipazioari buruzkoa ere. Bi gazte gizarte zapaltzailetik irtengo dira, mundu apokaliptikoan murgiltzeko. Carolina Hellsgården bigarren lana hainbat generoren nahasketa da, une lasaiago eta ia lirikoekin nahasten diren ekintza uneekin. Ikus-entzuleek neska protagonistak jarraitzeko aukera dute, paisaia oparotik eta apokaliptikotik aurrera doazen heinean. Filmak ikus-estilo ez oso errealista du, beldur barrokoaren ukitu ia erromantikoarekin. Franziska Henke konposatzailearen partiturak ere zintaren elementu erromantikoa azpimarratzen du, soinu banda malenkoniatsuarekin.

Carolina Hellsgård idazle eta zine zuzendaria Suedian jaio zen, baina Berlinen bizi da. Baliabide esperimentalen diseinua ikasi zuen Berlingo Arteen Unibertsitatean, eta zine gidoia eta zuzendaritza Los Ángeleseko (EEBB) Cal Arts izenekoan. “Wanja” bere lehenengo film luzea 2015eko Berlinalean estreinatu zen, eta Opera Prima Onenaren sarirako izendatu zuten. Kritikak txalotua, bere aurreko lanak nazioarteko hainbat zinemalditan eskaini dira, Berlinalean, TIFFen, Montreal WFFen, Mostra Sao Paulon, Gotemburgo IFFen, Clermont-Ferranden edo Oberhauseneko Film Laburren Jaialdi ospetsuan.

“Ever After (Endzeit)” filmaren protagonistak Vivi eta Eva dira, eta euren indarrak batu beharko dituzte, ezinbestean. Bizirik dauden hildakoen kontra borrokatzen diren bitartean, euren iraganeko deabruei ere egin beharko diete aurre. Vivik bere ahizpa txikiari zer gertatu zitzaion jakin gura du, modu batean edo bestean, eta Evak berriro hastearekin egiten du amets, atzean utzi duen Weimar komunitate zanpatzailean betetzen zuen hiltzaile izaeratik urrun. Bien bidaia apokalipsi handi eta ederrean ematen da; gizakiak dagoeneko desagertu direnez, natura ari da guztia menderatzen. Baina naturak ez du mugarik, eta denbora asko igaro aurretik bi neska gazteek errealitate berri eta fantasiazkoari egin beharko diote aurre.

FITXA: “EVER AFTER (ENDZEIT)”
Alemania / 2018 / 90 min.
Zuzendaria: Carolina Hellsgård.
Gidoia: Olivia Vieweg.
Ekoizpena: Ingelore König.
Musika: Franziska Henke.
Muntaketa: Julia Oehring, Ruth Schönegge.
Antzezleak: Marco Albrecht, Trine Dyrholm, Gro Swantje Kohlhof, Maja Lehrer, Barbara Philipp, Yûho Yamashita.

TRAILERRA: https://www.youtube.com/watch?v=d_nPQ4Inzbw
FANT25i buruzko informazio guztia: www.fantbilbao.eus