Jack Taylor

/ Berriak, FANT 25.

“Desenterrando Sad Hill” bere lehenengo film luze dokumentalak Sitgeseko Zinemaldiko Film Onenaren Noves Visions Saria lortu zuen. Saria FANT 25eko amaiera ekitaldian jasoko du, maiatzaren 10ean, Guggenheim Museoan.

Horrez gain, zinemaldiak Jack Taylor antzezleari emango dio Ohorezko FANT saria, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan estatuko generoko zinean ezinbestekoa izan zen aurpegietako bati. Antzezlea da FANT 25ean, maiatzaren 2an, Kale Nagusiko BBK Aretoan, eskainiko den Diego Lópezen “Jack Taylor, testigo del fantástico” dokumentalaren protagonista.

 

Maiatzaren 2tik 11ra bere 25. edizioa ospatuko duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, genero fantastikoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria eman dio Guillermo de Oliveira zinegile galiziarrari. “Desenterrando Sad Hill” bere lehenengo film luze dokumentalak Sitgeseko Zinemaldiko Film Onenaren Noves Visions Saria lortu zuen, eta Goya Sarien azken edizioan Dokumental Onena izateko izendapena jaso zuen. Saria FANT 25eko amaiera ekitaldian jasoko du, maiatzaren 10ean, Guggenheim Museoan.

Bere lehenengo film luzea “Desenterrando Sad Hill” (2018) dokumentala da. Bertan, Sergio Leoneren “El bueno, el feo y el malo” klasikoaren amaierako eszenako hilerria berreraikitzeko fanatiko talde baten odisea kontatzen du. Izan ere, 1966an Espainiako armadak 5.000 hilobi baino gehiago zituen hilerri izugarria eraiki zuen Burgoseko Valle de Mirandillan, “El bueno, el feo y el malo” filmaren amaierako eszenarako. Errodatzearen ondoren lekua bertan behera geratu zen, eta 49 urtez landareek hilobi guztiak estali zituzten.

2015eko urrian filmaren fans talde batek lurra zulatzen hastea erabaki zuen… eta 10 zentimetroko sakonera zulatu ostean jatorrizko harrizko zirkulua aurkitu zuen. Bertan egin zen Clint Eastwooden (ona), Eli Wallachen (itsusia) eta Lee Van Cleefen (gaiztoa) arteko duelua, 200.000 dolar ezkutatzen zituen hilobiaren bila, Sad Hill-eko hilerrian. Hilabetez, Europa osoko pertsonak Sad Hill-era joan dira leku hori lurretik ateratzeko eta berreraikitzeko lan egitera. “Desenterrando Sad Hill” prozesu osoaren grabazioaren emaitza da, baita hasi aurretik ere. Dokumentala FANT 25aren barruan eskainiko da, maiatzaren 9an, 18:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetan.

Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Kazetaritzan lizentziatutako Guillermo de Oliveirak (Vigo, Pontevedra, 1986) zine zuzendaritza eta gidoi idazkera tailerretan ere hartu du parte Los Angeleseko New York Film Academy izenekoan (EEBB) eta San Antonio de los Bañoseko (Kuba) EICTVn. Zapruder Pictures bere ekoiztetxearekin batera, lehenengo film laburrak egin zituen, bideo-jokoak irudi errealera egokituz. Ingelesez errodatuta daude, eta bost milioi erreprodukzio inguru biltzen dituzte Youtubeko kanalean: “Max Payne: Valhalla” (2012), “Modern Warfare: Sunrise” (2013), edo “Red Dead Redemption: Seth’s Gold” (2015) saritua dira horietako batzuk.

OHOREZKO FANT

Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25. edizioak, Jack Taylor (Oregon, EEBB, 1936) izenez ezaguna zen George Brown Randal antzezleari emango dio Ohorezko FANT saria, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan estatuko generoko zinean ezinbestekoa izan zen aurpegi amerikarra, lan mitikoetako protagonista, “La venganza de la momia” edo “El buque maldito”, besteak beste. Estatu Batuetan jaio. 50eko hamarkadaren amaieran Mexikora joan zen, eta ondoren Madrilera, 1961ean. Bertan film asko egin zituen, beldurrezkoak, batez ere.

Jack Taylorrek beldurrezko zinearen zuzendari espainiar ezagunekin egin du lan, Jesús Francorekin, Amando de Ossoriorekin, Javier Aguirrerekin, León Klimovskyrekin edo José Ramón Larrazekin, besteak beste. Europako beldurrezko zineko izar handiekin agertu da pantailan Paul Naschy, Christopher Lee, Wolf Ruvinski, Germán Robles, Howard Vernon, Lina Romay, Helga Liné edo María Rohmekin, adibidez.

FANT 25eko programazioaren barruan Diego Lópezen “Jack Taylor, testigo del fantástico” (2018) dokumentala eskainiko da. Elkarrizketa luzean zehar, antzezleak generoko zinean ezinbesteko aurpegi bilakatu zuten anekdota biografikoak eta filmak aztertzen ditu. Dokumentalak, generoaren interpretaziora emandako bizitzari buruz lehen pertsonan egindako lekukotza paregabea jasotzen du. Filma maiatzaren 2an eskainiko da, arratsaldeko 20:00etan, Kale Nagusiko BBK Aretoan. Ondoren solasaldia egongo da, eta bertan Diego Lópezek, Jack Taylorrek eta Javier G. Romerok, Quatermass aldizkariaren sortzaileak eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen lehenengo edizioaren sustatzaileetako batek, hartuko dute parte.

Jack Taylorrek, FANTen edizio berezi honen abiapuntua izango den ekitaldian jasoko du omenaldia. Saioa amaitzean, Kafe Antzokiak inaugurazio kontzertua jasoko du Moonshine Wagon bandarekin –21:30ean–. Inaugurazio jai horretarako sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte. Ateak 21:00etan zabalduko dira.