/ Berriak, FANT 25.

Martxoaren 7an, PreFANTek “70 Binladens” lanaren, Koldo Serraren film berriaren, premierea jasoko du, Bilbon gertatzen den thrillerra, Emma Suárez, Nathalie Poza eta Hugo Silva protagonista dituena. BilbaoArte Mary Shelleyri buruzko zikloaren agertokia izango da, zinera horrenbeste aldiz eraman den “Frankenstein edo Prometeo modernoa” argitaratu zenetik 200 urte igaro direnean.

Jaialdi aurreko programazioaren barruan, Bidebarrieta Kulturgunearekin elkarlanean, literaturaren misterioaren maisuen hitzaldiak jasotzen dira, Nacho Aresena edo Javier Serrarena, besteak beste. Lehenengo topaketa BIHAR izango da Bidebarrietako Liburutegian, 19:30ean, “El abrazo del monstruo” azken eleberria aurkeztuko duen “Trilogía Victoriana” arrakastatsuaren egilea den Felix J. Palma idazlearekin.

FANT 25ek edizio honetarako bere kartela aurkeztu du eta, gaurtik aurrera, 25. urteurreneko spota ikusi ahal izango da; Spota Aitzol Saratxaga zinegile bilbotar gazteak zuzendu du, “Ziren” filmarekin 2018an Euskal Film Labur Onenaren saria irabazi ondoren proiektu hori egiteko zinemaldiaren agindua jaso eta gero. Spota www.fantbilbao.eus  webgunean ikusi ahal izango da.

Maiatzaren 2tik 11ra Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren –  FANTen 25. edizioa egingo da. Ikus-entzuleei ezuste eta ekitaldi berezi asko eskaintzeko asmoz heltzen da zilarrezko ezteietara. Aurrerapen gisa, Bilboko Udalak, ekitaldiaren antolatzaileak, zenbait jarduera eskainiko ditu, beste jaialdi batzuekin edo hiriko erakundeekin lankidetzan, berrikuntzen aurre-estreinaldiak, klasiko batzuen berrikuspena, hitzaldiak, emanaldiak eta ikus-entzule mota guztiengana heldu nahi duten beste proposamen batzuk.

Horrela, FANTek, maiatza aurretik bere ikus-entzuleekin elkartzeko aitzakia bilatzen du, eta hilean behin, Golem – Alhondiga zine aretoetan estatu mailako aurre-estreinaldi bat eskainiz egingo du. Lehenengoa hilabete honetako 31n izango da, 20:00etan, gazte generoko zinearen Goonien garaiari omenaldia eskaintzen dion Anouk Whissell, François Simard eta Yoann eta Karl Whissell-en “Verano del 84” (2018) film kanadiarrarekin. Otsailaren 21ean, Nicole Kidman protagonista duen Karyn Kusama zinegile estatubatuarraren “Destroyer” (2018) lanaren txanda izango da. Gehien itxaroten den aurre-estreinaldia martxoaren 7an etorriko da, Koldo Serraren eskutik. FANTeko alfonbra gorrian, Emma Suárez, Nathalie Poza eta Hugo Silva protagonista dituen “70 binladens” bere azken filma estreinatuko du.

Estreinaldiko saio horietarako sarbidea doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aurretik sarrera jasotzea Golem – Alhondigako txarteldegietan (gehienez ere 2 pertsona bakoitzeko). “Verano del 84” lana ikusteko sarrerak emanaldiaren egun berean egongo dira eskuragarri, ostegunean, urtarrilaren 31n, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Jaialdiak gainerako aurre-estreinaldiei buruzko informazio puntuala emango du, eta baita sarrerak jasotzeko moduari buruzkoa ere.

Horrez gain, jaialdiak lekua gorde gura du generoaren klasikoentzat, eta, BilbaoArterekin lankidetzan, Mary Shelley idazle britainiarrak zinean utzi duen ondoreari buruzko zikloa programatu du. Ziklo horren barruan sei emanaldi eskainiko dira martxoaren 28tik aurrera. Izan ere, iaz 200 urte bete ziren sarri askotan zinera eta literaturara eraman den “Frankenstein edo Prometeo modernoa” eleberria argitaratu zenetik. Hori dela eta, FANTek klasiko hori berreskuratuko du orain, hainbat estilotako eta garaitako sei izenburu barne izango dituen atzera begirakoarekin.

Zine garaikidera itzuliz, eta ahozko narrazioaren inguruan Uribarriko Barrutian aurrera eramaten den Bilboko Udaleko Kultura Sailaren Istorio Biziak programaren barruan, otsailean Javier Gullónen eta Alfredo Monteroren “La Cueva” (2014) –FANT 20 jaialdia inauguratu zuen filma– eta “Errementari” (2018), Paul Urkijo gasteiztarraren lehen film luze txalotua, jaialdiaren azken edizioan fantasiazko generoan garrantzia hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria jaso zuena, eskainiko dira. Azken proiekzio horren aurretik, Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy antzezleek narrazio saioa eskainiko dute.

Beste alde batetik, Zinegoakekin lankidetzan, otsailaren amaieran Yann González zinegilearen “Un couteau dans le coeur” film luzea eskainiko da, eta Loraldia jaialdiaren eskutik, Iratxe Fresneda zinegile, zine kritikari eta EHU/UPVko irakasleak “Lurralde Hotzak” aurkeztuko du apirilean, fikziozkoa ez den bere lehenengo film luzea, emakume baten bidaia, kamera baten eta berarekin batera doazen zineko mamuen konpainia bakarrarekin.

LITERATURA ETA KOMIKIA

Hilabete hauetako aurretiazko programazioaren barruan, jaialdiak, Bidebarrieta Kulturgunearekin lankidetzan, zenbait topaketa programatu ditu misterioa maisutasunez lantzen duten egileekin. Horrela, BIHAR, Bidebarrietako Liburutegiak, Trilogía Victoriana arrakastatsuaren egilea den Félix J. Palma idazlearen azken eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko du. Oraingo honetan, noir generoko eleberria aurkeztuko du, El abrazo del monstruo (Destino arg.), haurtzaroko beldurrei eta mamuei eta helduak garen arte horiek proiektatzen diren moduari buruzko istorioa. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librearekin.

Modu berean, Bidebarrieta Kulturguneko hileroko “Eztabaidak Literaturarekin” topaketak, misterioaren beste bi mago handi izango ditu protagonista otsailaren 19an, Nacho Ares –Egipton eta enigma historikoetan aditua eta SER Historiako zuzendaria– eta Javier Sierra 2017ko Planeta Sariduna, 40 hizkuntza baino gehiagora itzulitako liburuak dituena. Javier Sierraren liburu guztiek ezaugarri komun bat dute: irakurleei mundu honetatik beste mundu batzuetara gurutzatzeko zubia eskaintzen die.

Bizkaiko Foru Liburutegiak ere bat egingo du FANTen 25. urteurrenaren ospakizunarekin, eta martxoaren 20an jasoko duen hitzaldian, komiki gidoilari txalotuenetakoa eta sarituenetakoa den El Torresek, biñeten eta generoko zinearen erlazioari buruz hitz egingo du Borja Cresporekin, bi diziplinen dibulgatzaile ezagunarekin. Beldurrean eta fantasian zentratutako El Torresen lan zabalaren barruan, “El Velo”, “Camisa de Fuerza”, “El Bosque de los Suicidas” eta “Roman Ritual” azpimarratu behar dira. Bere azken lanen artean “El Fantasma de Gaudí” (2016ko Komikiaren Aretoaren irabazlea eta Eisner eta Harvey 2018 sarietarako izendatua) eta “Goya, Lo sublime terrible” daude.

Gainera, edizio berezi honekin bat etorriz, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa – FANT hiritik irtengo da, azken edizioetan parte hartu duten film batzuk Bizkaiko beste udalerri batzuetara eramateko. Barakaldo eta Arrigorriaga izango dira zine saioa jasoko duten udalerrietako batzuk, oraingo honetan apirilaren 4an eta 12an, hurrenez hurren. Saio horietan Joe Lynchen “Mayhem”, (EE.BB, 2017), Film Onenaren FANT 2018 Saria eta Aitzol Saratxagaren “Ziren” (2017, 15 min), 2018ko Euskal Film Labur Onena, eskainiko dira. 

URTEURRENEKO SPOT-A

 

FANTeko 25. urteurren honetarako iragarkia jadanik jaialdiaren webgunean eta sare sozialetan ikus daiteke. Berez ere film labur maltzurra da eta, gainera, jolas bat proposatzen die ikus-entzuleei, bere eszenografia ilun eta nabarrean, gutxienez, aurreko edizioetako bost elementu ikonografiko eta beste keinu batzuk baitaude, ziurrenez, Bilboko zinemaldiaren jarraitzaile leialenek baino ezin izango dituztenak hauteman. Spota Bilboko PLATANOBOLIGRAFO ekoiztetxeak ekoiztu du, eta Aitzol Saratxaga zinegile gazteak zuzendu du. Jaialdiak berari agindu zion proiektu hori, ekoiztetxe beraren “Ziren” filmarekin 2018an Euskal Film Labur Onenaren saria irabazi ondoren.

Bilboko Campos Antzokian, FANTen inaugurazio ekitaldiaren ohiko agertokian, errodatuta dagoen spotak protagonista bakarra du, Javi Cañón antzezle beteranoa, hori bai, beste edizio batzuetako zenbait presentziak eta ausentziak lagunduta, eta baita jaian parte hartzeko gonbidapena jaso duen azken pertsonaia ere (aurtengo kartelaren protagonista), Adrián García antzezlearen eskutik. FANT 25eko kartela eta promozioko bideoa ikus daitezke dagoeneko www.fantbilbao.eus webgunean.

Oraindik irekita dago 25. edizio honetako lehiaketara filmak aurkezteko epea. Ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna MARTXOAREN 1a izango da. Lehiaketarako materialak aurkezteko prozedura eta informazio gehigarri guztia jaialdiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsultatu daitezke.

  

FANT 25 SPOT-A ETA KARTELA:

https://we.tl/t-RoLZHwRY1o