/ Berriak, FANT 24.

  • 10.593 pertsona hurbildu dira zine emanaldietara eta jarduera paraleloetara. FANT 24k ez dagoela txartelik dioen kartela jarri behar izan du Sekzio Ofizialeko Rainer Sameten “November” film luzean eta Paul Urkijo FANTROBIA 2018 saridunaren lehenengo film luzea den “Errementari” lanaren emanaldi berezian.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, 10.593 ikus-entzulerekin itxi du bere 24. edizioa, hau da, 2017an, Bilboko Udalak antolatzen duen zinemaldiaren historian orain arteko ikus-entzule gehieneko urtean, baino %6 gehiago. Zinemaldiak zazpi urte daramatza etengabe hazten, programatutako zine orduei dagokienez zein aretoetara doan ikus-entzule kopuruari dagokionez.

Programatutako 50 emanaldi baino gehiagoetatik, aretoa beteta zegoela zioen kartela jarri behar izan zen Sekzio Ofizialeko Rainer Sameten “November” film luzean eta Paul Urkijo FANTROBIA 2018 saridunaren lehenengo flim luzea den “Errementari” lanaren emanaldi berezian. Horrez gain, Sekzio Ofizialeko “The Endless” eta “Matar a Dios” filmetan eta nazioarteko film laburren saioan ikus-entzule kopurua areto osoaren %90 ingurukoa izan zen

Azpimarratzekoa da Campos Antzokiko inaugurazio ekitaldiak eta lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren proiekzioak izan duten harrera bikaina. Horrez gain, 920 pertsona joan ziren Pre-FANTeko emanaldietara, zinemaldiaren aurreko astean, eta 1.520 ikasle hurbildu ziren FANTEskola saioetara.

Edizio honetan lehen aldiz Ikus-entzuleen Saria eman da, eta Issa Lópezen, “Tigers are not Afraid” film luzeak lortu du, aretoan 4,46ko puntuazioa lortuz (5etik). Azkenik, 1.200 pertsona jaso dituen doako sarrerako 2. aretoak batez besteko okupazio maila ona lortu du, %65era helduz Tobe Hooperren eta George A. Romeroren klasikoen emanaldietan. Panorama Fantastikoa Sekzioko emanaldietara joandako jende kopuruak ere gora egin du aurtengo edizioan, %60 inguruko batez besteko okupazioarekin.

ZINEGILEAK

Beste urte batez generoaren zaleek zinegileengana hurbiltzeko eta emanaldiak komentatzeko aukera izan dute, hauek Sekzio Ofizialean lehiatu diren euren filmak aurkeztera etorri baitira: Issa López, Albert Pintó eta Caye Casas, Justin Benson eta Aaron Moorhead, Karl R. Hearne, Marc Martínez, Maurice Haeems eta Lucio A. Rojas. Horrez gain, Panorama Fantastikoa Sekzioko egileak ere egon dira, Andrés Goteira, Norberto Ramos, edo Marcelo Schapces, besteak beste.

Inaugurazio jardunaldian, FANT 24k, 2018ko FANTastikoaren Izarra saria eskuratu duen Joe Dante zinegile estatu batuarraren bisita jaso zuen. Ohikoa denez, edizio honetan, FANT Laburrean sekzioan eta emanaldi paraleloetan parte hartu duten euskal zinegileak ere igaro dira zinemalditik.