/ Berriak, FANT 25.

Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria Carlos Baenaren “La Noria” lanak lortu du; Euskal Film Labur Onenaren saria Diego H. Kataryniuken “Amargo era el postre” filmak jaso du, eta film berak lortu du Zinemaldiko ikus-entzuleen iritziz FANT 25eko Film Labur Onenaren saria.

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinemaldiaren Sari Banaketa Ekitaldia BIHAR izango da, 20:00etatik aurrera, Guggenheim – Bilbao Museoan, Sitgeseko Zinemaldiko Sekzio Ofizialeko gidoi onenaren saria irabazi duen Quentin Dupieux zinegilearen “Au Poste!” filmaren emanaldiarekin.

 

Gary Sherman zuzendari, gidoilari eta ekoizle estatubatuarrak, Rocío Moreno Fancineren – Malagako Zinemaldi Fantastikoaren Zuzendariak, eta Diana Peñalver antzezleak osatutako Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen 25. edizioko Epaimahaiak, Lee Cronin zinegile irlandarraren opera prima den “The Hole in the Ground (Bosque maldito)” film luzeari eman dio Film Onenaren FANT 2019 Saria.

FANT 25eko epaimahaiak Lee Croninek zuzendutako lan hori aukeratu du, “zuzendaritzan eta gidoian egin duen lehenengo lan bikainarengatik, eta 90 minutuz ikus-entzulea kezkaz beteta edukitzeko gai den emakumezko pertsonaia protagonista konplexuaren aurrean erakutsitako sentsibilitatearengatik”. Sundanceko jaialdian aurkeztu ondoren ikus-entzuleen eta kritikaren artean ikus-min handia sortu duen filma asteartean aurkeztu zen Bilbon, Lee Cronin bertan zela. “The Hole in the Ground (Bosque maldito)” datorren ekainaren 28an estreinatuko da Estatu osoko zine-aretoetan.

Film laburren atalean, epaimahaiak Carlos Baenaren “La Noria” (Espainia, 2018, 12’) animaziozko filmari eman dio Film Labur Onenaren Saria. Epaimahaiak, lan hori aukeratzeko orduan, “kalitate tekniko bikaina eta istorio zirraragarria eta magikoa eta, aldi berean atsegina eta hunkigarria transmititzeko trebezia” azpimarratu ditu.

Euskal Film Labur Onenaren Saria, epaimahaiaren irizpidearen arabera, Diego H. Kataryniuken “Amargo era el postre” (2018, 19 min) lanak jaso du, eta saria justifikatzeko, “suspense istorio probokatzailea sortzeko zuzendaritza, gidoi, argazkilaritza, arte zuzendaritza, jantzi eta makilaia sailen arteko konbinazio egokia” azpimarratu du. 19 minutuko fikzio horrek sari bikoitza lortu du, zinemaldiko ikus-entzuleek FANT 25eko Film Labur Onenaren saria ere eman diotelako. Sekzio Ofizialeko Ikus-entzuleen Film Luze Onenaren saria Shin’chihirô Ueda japoniarraren “One Cut of the Dead” lanak lortu du.

Euskal Aktoreen Batasunak Euskal Film Laburren Antzezpen Onenaren saria eman du. Saria Paola Bontempik irabazi du, “El fin de todas las cosas” film laburrean Norma Vila antzezteagatik.

PANORAMA
Panorama saileko epaimahaiari dagokionez, Borja Crespo zuzendari, ekoizle, idazle, ilustratzaile eta istoriogileak, Aranzazu Calleja konposatzaileak eta Rubin Stein Fikziozko Film Labur Onenaren Goya Saria irabazi duen “Bailaora” film laburraren zuzendariak osatu dute. Panoramako Film Luze Onenaren saria Álvaro Pitaren “Escombros” (Espainia, 2018) lanak irabazi du. Film laburren atalean, saria Marion Renarden “SWITCH” (Belgika, 2018) lanak lortu du.

Horrez gain, zine aretoetan ostiral honetan estreinatuko den Jon Mikel Caballero zinegile nafarraren opera prima den “El increíble finde menguante” lanak, Euskal Gidoilarien Elkarteak ematen duen Gidoi Onenaren Saria eta Fas Zine Klubak emandako Zuzendaritza Berritzailearenaren Saria lortu ditu. Euskal Gidoilarien Elkarteak aipamen berezia eman dio Shin’chihirô Uedaren “One Cut of the Dead” filmari.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen 25. Edizio honetako Sari Banaketa Ekitaldia, J.A. Bayonari emango zaion FANTastikoaren Izarra sariaren eta generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen eta Guillermo de Oliveirari emango zaion FANTROBIA sariaren banaketa barne, BIHAR egingo da, 20:00etatik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan, Quentin Dupieuxen “Au Poste!” filmaren proiekzio bereziarekin.
Larunbatean FANT 25eko lan saritu guztiak eskainiko dira berriro BBK Aretoan:

AGENDA: LARUNBATA, MAIATZAK 11 (Sarrera 5 €)
LAN SARITUEN PROIEKZIOA
BBK Aretoa – Kale Nagusia. 18:00etan (PANORAMA FANTASTIKOA)
BBK Aretoa – Kale Nagusia. 20:00etan (SEKZIO OFIZIALA) 
ERANSKINA: FANT 2019KO SARIAK

FANT 25EKO FILM LUZE IRABAZLEA
“The Hole in the Ground (Bosque maldito)”, (Irlanda, 2019), Lee Cronin.

Film Luze Onenaren ikus-entzuleen FANT 25 saria:
“One Cut of the Dead” (Japonia, 2018), Shin’chihirô Ueda.

FANT LABURREAN SARIAK
Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria:
“La Noria” (Espainia, 2018, 12’), Carlos Baena

Euskal Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria:
“Amargo era el postre” (2018, 19 min), Diego H. Kataryniuk Di Costanzo

Film Labur Onenaren ikus-entzuleen saria:
“Amargo era el postre” (2018, 19 min), Diego H. Kataryniuk Di Costanzo

SEKZIO OFIZIALEKO GIDOI ONENAREN SARIA
(EUSKAL GIDOILARIEN ELKARTEAK EMANDAKOA)
“El increíble finde menguante” (Espainia, 2019), Jon Mikel Caballero.

• Aipamen berezia: “One Cut of the Dead” (Japonia, 2018), Shin’chihirô Ueda.

SEKZIO OFIZIALEKO ZUZENDARITZA BERRITZAILEENAREN SARIA
(FAS ZINE KLUBAK EMANDAKOA)
“El increíble finde menguante” (Espainia, 2019), Jon Mikel Caballero.

EUSKAL FANT LABURREAN SEKZIOKO ANTZEZPEN ONENAREN SARIA
(EUSKAL AKTOREEN BATASUNAK EMANDAKOA)
Paola Bontempi, Norma Vilaren “El fin de todas las cosas” filmarengatik.

FANTROBIA 2019 SARIA: Guillermo de Oliveira

FANTASTIKOAREN IZARRA 2019: Fred Dekker eta J.A. Bayona

PANORAMA SEKZIOKO FILM LUZE ONENAREN SARIA
“Escombros”, (Espainia, 2018), Álvaro Pita.

PANORAMA SEKZIOKO FILM LABUR ONENAREN SARIA
“Switch”, (Belgika, 2018), Marion Renard.