/ Berriak.

“El Orfanato”, “Lo imposible” edo “Un monstruo viene a verme” lanen zuzendariak Bilboko jaialdiaren 25. edizioaren amaiera ekitaldian jasoko du ohorezko saria, 20:00etatik aurrera, Guggenheim – Bilbao Museoaren auditorioan.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 25, generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria ere emango dio gaur arratsaldean Guillermo de Oliveira zinegile galiziarrari

 

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek gaur arratsaldean emango dio amaiera bere 25. edizioari, J. A. Bayona Bartzelonako zuzendariari emango dion FANTastikoaren Izarra sariarekin, fantasiazko generoaren barruan maisutasuna eta arrakastaz betetako ibilbidea aintzatetsi gura duen ohorezko sariarekin hain zuzen ere. “El Orfanato” edo “Lo imposible” lanen zuzendaria komunikabideen aurrean agertu da gaur goizean, Nekane Alonso Kultura zinegotziak lagunduta, eta amaiera ekitaldian jasoko du FANT 25en omenaldia, 20:00etatik aurrera, Guggenheim – Bilbao Museoaren auditorioan

Juan Antonio Bayona (Bartzelona, 1975) zuzendaritzan graduatu zen ESCACen (Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya) eta bertan sari asko lortu zituzten “Mis vacaciones” (1999) eta “El hombre esponja” (2002) film laburrak egin zituen. Irakasle gisa aritu zen ESCACen bertan, eta lan horrekin batera ibilbidea egin zuen publizitatean eta bideo musikaletan. Gaur egun, oraindik ere, aldian behin egiten ditu horrelako lanak. Arlo horretan pop nazionaleko artista esanguratsuenetako batzuekin egin du lan, Fangoriarekin, Camelarekin, Enrique Búnburyrekin edo OBKrekin, besteak beste. Azken horiekin 2000. urteko klip onenaren Ondas saria lortu zuen. Nazioartean, Ingalaterrako “Q” musika aldizkariak 2012ko klip onenaren saria eman zion, Keane taldearentzat egin zuen “Disconnected” piezarengatik.

2004an, Bayonak Sergio G. Sánchez ezagutu zuen, eta hark “El Orfanato” lanaren gidoia eskaini zion. Filma txalo beroekin jaso zuten 2007ko Canneseko Zinemaldian, eta berehala kultuko film bilakatu zen mundu osoan. Bayonak Zuzendari Hasiberriaren Goya Saria jaso zuen, eta filma urteko txarteldegiko arrakasta nagusia izan zen Estatuan.

2010ean “Lo Imposible” lana errodatzen hasi zen. 2012an Estatuan estreinatu zenean, historia osoko film espainiar arrakastatsuena bilakatu zen txarteldegian, 6 milioi ikus-entzule baino gehiagorekin. Nazioarteko ibilbidean 200 milioi dolar baino gehiago jaso zituen. Filmak Oscar Sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendapenak lortu zituen Naomi Watts protagonistarentzat, eta J.A Bayonak Zuzendari Onenaren Goya Saria irabazi zuen 2012an. “Lo Imposible” filmak kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik lortu zuen arrakastaren ondorioz, Bayonak Kultura Ministerioak ematen duen Zinematografia Sari Nazionala irabazi zuen 2012an.

2014an “Penny Dreadful” serieko kapitulu pilotua eta bigarren kapitulua zuzendu zituen Estatu Batuetako Showtime telebista katerako. 2015ean “9 días en Haití” zuzendu zuen, lankidetzari eta aukera bat izateko eskubideari buruzko film labur dokumentala, Oxfam Intermónen ‘Sí me importa’ kanpainaren barruan. Kanpaina horrek garapenerako lankidetzaren garrantzia eta egoera kritikoa premiaz berreskuratu beharra defendatzen ditu. Urte horretan bertan, Laura Jouren lehenengo zuzendaritza lana izan zen “No me quites” film laburra ekoiztu zuen.

2016an “Un monstruo viene a verme” estreinatu zuen, izen bereko liburuan oinarritutako filma, bere protagonisten artean Liam Neeson, Felicity Jones eta Sigourney Weaver dituena. Berriro ere, filma Estatuko arrakastatsuena izan zen urte horretan, eta 9 Goya sari irabazi zituen, Zuzendari onenarena, besteak beste. 2017an “El secreto de Marrowbone” ekoiztu zuen, “El orfanato” eta “Lo imposible” lanen gidoilaria izan zen Sergio G. Sánchezek zuzendutako lehenengo lana.

2018an Juan Antonio Bayonak “Jurassic World: Fallen Kingdom” estreinatu zuen zuzendari gisa, Jurassic World-en bigarren partea eta Jurassic Park sagaren bosgarrena, ekoizle nagusi Steven Spielberg duena. Filma mundu osoan txarteldegian diru gehien irabazi zuen hirugarren filma bilakatu zen, 1.300 milioi baino gehiagorekin, Estatuko lehenengoa eta zinearen historiako hamabigarrena. Urte horretan bertan “I Hate New York” estreinatu zuen ekoizle gisa, Gaudí sarirako izendapena lortu zuen film luze dokumentala. 2018an, baita ere, oraindik gaztea den arren, ibilbide osoaren saria jaso zuen Malagako Zinemaldian eta Ohorezko Galburua Valladolideko Zinemaldian.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek (www.fantbilbao.eus) Joe Dante (1946, Morristown, New Jersey) zinegile estatubatuarrari eman zion iaz FANTastikoaren Izarra saria. “Gremlins” edo “El chip prodigioso” lanen zuzendaria da, besteak beste. 2017an, Barbara Crampton antzezle estatubatuarrak jaso zuen saria.

AMAIERA OSPAKIZUN
J. A. Bayonari emango zaion sariaren banaketa, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen amaiera ekitaldian izango da, gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Guggenheim Museoan. Ekitaldia Miren Gaztañaga, Ane Pikaza eta María Goiricelaya antzezleek aurkeztuko dute eta bertan, “Au Poste!” (FRA, 2018) filma eskainiko da. Quentin Dupieuxek zuzendutako komedia surrealistak Sitgeseko Zinemaldiko Sekzio Ofizialeko gidoi onenaren saria eta Montrealgo Zinemaldiko ikus-entzuleen saria lortu ditu.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, genero fantastikoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria ere eman dio gaur arratsaldean Guillermo de Oliveira zinegile galiziarrari. “Desenterrando Sad Hill” bere lehenengo film luze dokumentalak Sitgeseko Zinemaldiko Film Onenaren Noves Visions Saria lortu eta Goya Sarien azken edizioan Dokumental Onena izateko izendapena jaso zuen.

Ekitaldia amaitzean, ospakizun berezia hasiko da Art After Dark programaren barruan –sarrera: 15€–, eta bertan DJ Carlos Bayona arituko da, zuzendariaren anaia, eta zinegileak berak lagunduko dio platerekin. Aurreko edizioan bezala, BIHAR, FANT 25ean sariak lortu dituzten film guztiak eskainiko dira Kale Nagusiko BBK Aretoan, bi saiotan. 18:00etan Panoramako Film Labur Onena eta Film Luze Onena ikusi ahal izango dira, eta 20:00etan Film Labur Onenak eta Nazioarteko Film Luze Onena.